2014/04/03

8 apellidos vascos pelikularen atzerapena

 8 APELLIDOS VASCOS

 Asteburu honetarako zegoen programatua publikoaren artean hainbesteko arrakasta lortzen ari den "8 apellidos vascos" pelikula. Baina guztion sorpresarako "Universal International Pictures" banatzaileak aste honetan bertan, eta orain dela 3 aste banatzaile berberak onartu ondoren, EZ DU BAIMENIK EMAN Bastero Kulturgunean aste honetan filmea proiektatzeko.
Mezu honekin batera irakur dezakezue Bastero Kulturguneko zinea programatzen duen HIRUTEK enpresak bidalitako azalpena eta Bastero Kulturgunea berarekin erabat ados dagoena.

 Guk uste dugu "8 apellidos vascos" datorren asteburuan proiektatuko dela, hala ere esan behar dugu "Universal International Pictures" enpresak ez duela horrelakorik ziurtatu.
Datorren astelehenean bilduko dira eta bertan erabakiko dute filmea Bastero Kulturgunean aste horretan proiektatuko den edo ez. 

 Hala ere saiatu gara Andoaingo publikoari ongi pasatzeko beste aukera bat eskaintzen eta asteburu honetan erraz ikusteko beste komedia bat izango duzue "Kamikaze", honetan ere Carmen Machik parte hartzen duelarik.

 Ikusten duzuenez zinearen mundua banatzaile gutxi batzuk kontrolatzen dute eta behintzat areto txikientzat zaila da horren aurka egitea, hala ere saiatuko gara datorren astean Andoainen ikusgai izan dadin eta nahiko genuke zuek ere filmea ikusteko Bastero Kulturgunean proiektatu arte itxarotea.

Andoaingo udalak, Bastero Kulturguneko arduraduna den aldetik adierazi nahi du ez duela ulertzen zine banatzaile  handi horien jokaera eta bat egiten duela beheko idatzia sinatzen duen Hirutek enpresaren haserrearekin.
Andoaingo Udala

"Andoaingo Bastero Kulturguneko zine programazioa daraman Hirutek enpresak honakoa jakinarazi nahi du:
 
“8 apellidos vascos” pelikularen banaketaren ardura duen Universal International Pictures banatzaileak, orain dela 3 aste, filmearen estreinaldiaren aurretik, apirilaren lehen astean programatzeko BERAIEN ONARPENA eman ziguten, eta halaxe egin genuen, hileko zineko karteleran eta Basteroko programazio liburuxkan ere iragarriz.
 
Astelehen honetan, martxoak 31, eta gure harridurarako, aste honetan filmea PROIEKTATZEKO BAIMENA KENTZEN DIGUTELA jakinarazten digute.
 
Behin eta berriz iritziz aldatzeko saiakera ugari egin ondoren EZ DUGU GURE HELBURUA LORTU.
 
Beraien hasierako argudioa Bastero “MULTICINES” batzuengandik oso gertu zegoela esatea izan zen. Beranduago, MARKETING GAI BAT ZELA ETA, proiektatzeko baimenak gutxinaka ematen dituztela, eta aste honetan beste zine “garrantzitsuago” bati eman ziotela. Herrietako zine aretoei inolako errespeturik ez diotela garbi uzten duen argudio horien aurrean, eta ikusirik beraiek emandako hitza ez dutela betetzen, beste zerbait jakinarazi bitartean FILMEAREN PROIEKZIOA ATZERATZERA BEHARTUAK GAUDE.
 
PELIKULAK LORTZEN ARI DEN ARRAKASTA LORTU EZ BALU, BERDINA GERTATUKO OTE LITZATEKE? ZALANTZA HORI GERATZEN ZAIGU
 
Eragozpen hori gertatu izana asko sentituz, eta berriro ere argi utziaz FILMEA EZ PROIEKTATZEAREN arduradun bakarra pelikularen banatzailea dela, sortutako arazo eta kalteengatik barkamena eskatzen dizuegu.
 
Zuen laguntza eta ulermena eskertuaz,
HIRUTEK"

No hay comentarios:

Publicar un comentario