2014/03/26

Antzerkiaren Mundu Eguneko Nazioarteko Mezua


“Antzertiaren munduko eguna 1961. urtean sortu zuen Nazioarteko Antzerti Erakundeak (NAE). Urtero ospatzen da martxoaren 27an eta egiten den ekitaldirik garrantzitsuenetakoa Antzerkiaren Mundu Eguneko Nazioarteko Mezua zabaltzea da. Aurten, 2014an, adierazpen hori idatz dezan eskatu zaio Brett Bailey dramaturgo, diseinatzaile, zuzendariari eta sortzaile hegoafrikarrari, eta hemen duzue:

Gizarterik den artean, han agertuko da Antzezpenaren Espiritu bridaezina.



Herritxoetako arbolapeetan eta metropoli globaletako agertoki guztiz teknifikatuetan; eskoletako aretoetan eta zabaldietan eta tenpluetan; barride pobre, herriko plaza, kultur etxe eta hirigune txiroetako sotoetan: hor, jendea erakartzen dugu antzerkiaren mundu iragankorrean parte har dezan, gure giza konplexutasuna adierazteko sortzen baitugu mundu hori, gure askotarikoa, gure ahultasuna azaltzeko haragi bizian, hatsean eta ahotsean.

Negar egiteko eta oroitzeko biltzen gara; barre egiteko eta beha egoteko, ikasteko eta baietz esateko eta imajinatzeko. Trebetasun teknikoaz harritzeko eta jainko-jainkosak hezur-mamitzeko. Gure hats kolektiboa atzemateko edertasunerako eta errukirako eta munstrokeriarako dugun abilezian. Energiaz betetzera etortzen gara, geure buruak ahalduntzera. Gure kultura desberdinen aberastasuna ospatzera, eta banatzen gaituzten mugak ezabatzera.

Gizarterik den artean, han agertuko da Antzezpenaren Espiritu bridaezina. Erkidegoan sortua baita, gure tradizio askotarikoen maskarak eta jantziak daramatza. Gure hizkuntzak eta erritmoak eta keinuak erabiltzen ditu, eta gure arteko espazio bat argitzen du.

Eta gu, antzinatik datorren espiritu horrekin lan egiten dugun artistok, hari bide emateko beharra sentitzen dugu, geure bihotzen bitartez, geure ideia eta gorputzen bitartez, zer garen eta zertan garen erakusteko, gure mundutartasun eta gure misterio distiratsu osoan.

Baina garai hauetan, non hainbeste milioi lagun borrokatzen baitira bizirik irauteko, non erregimen politiko zapaltzaileen eta kapitalismo harrapakariaren mende sufritzen baitute; non zerbitzu sekretuek gure pribatutasuna bortxatzen baitute, non gure hitzak gobernu sarkinek zentsuratzen baitituzte; non basoak ezereztu egiten baitira, espezieak sakailatu eta itsasoak pozoitu: zer erakusteko eta adierazteko beharra dugu garai hauetan?

Mundu honetan, non botereen arteko desoreka hain handia baita, non ordena hegemonikoek sinestarazi nahi baitigute nazio bat, arraza bat, genero bat, sexu-hautu bat, erlijio bat, ideologia bat, kultur esparru bat beste guztien gainetik daudela, jarraitu al daiteke zinez esaten arteek ez dutela katerik behar gizarteak dituen eginkizunen aurrean?

Ados al gaude agertokietako artistok merkatuaren eskakizun aseptikoekin, jabetzen al gara dugun ahalaz? Alegia, jabetzen al gara gizakion bihotz-gogoak garbitzeko dugun ahalaz, jendea gure inguruan biltzeko, inspiratzeko, liluratzeko eta informatzeko dugun ahalaz, eta itxaropenezko eta lankidetza eskuzabaleko mundu bat sortzeko dugun ahalaz?

No hay comentarios:

Publicar un comentario